XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ujuka eta jauzika egiten eben hesiari urreratu nintxakon.

Arrotzaren hurbiltasunaz konturatzean erratza gainean hilargiratu ziran.

Kehea eta lurruna euren lekuko.

Herriko zaharrenek be ez eben lehorraren muga inoiz begiztatu eta gehienik be olatuek itxasatxaren aurka egindako hausketaren hotsa heldu jaken belarrietara arbaso aukeratuei.

Hots berberori etorren nire belarri itxikirrietara.

Urreratzen ninoiala geroago eta ozenagoa zan hotsori.

Ezagutuaz bigunagoa.

Antxina antxinatik ahoz belarri balitekearen susmoa geunkenaren aurrean nengoan.

Ez nekian ez harek besteek zer egingo ete leukeen egoera horretan baina nire makaltasunean dardarka ipini ninduan ikuskizunak.

Bidetatik zehar neuregandutako hautsa ta astuntasuna arintzeko asmoaz uretan murgildu nintzan.

Gogoz hartu neban uraren txaplada.

Mundu haretan ez neukan pisurik, urak gorantza nerabilan eta ur azalaren gain gainean netzan.

Begiak itxi eta urtzen ninoian.

Lemazainaren berbaroak bertaratu ninduan: Itxasoa bare bare dagoala etorri hadi nigaz itxas zabalera, ur azala eta hondoa ikusiko jonaguz.

Ezkutuko ahots esanguratsuak erakarri egin ninduan eta itxasoratu egin ginan.

Bere kerizpeari lotuta ginoiazan noizean behin itxaslapurren zurezko hankakaz topo egiten genduala.

Kontuetako eta benetako itxaslapurren historia luzetik euren alderik hauskorrena baino ez jakun agirian gelditu.

Menturantza joian gure bidaia be.

Zenbat mundu ikusiko genduan! Menturarik haundiena ustebako olatuak hondoratu ginduzanena.

Laster etorkigun beherakada.

Orduak behar izan nituen urpeko baltzetik ur azalera agertzeko.

Indarra erakutsi neban arren olatuen kolpeek haruntz ta honuntz nerabilen, itxasoko edozein hondakinez errukiorragoak litzakez.

Gesalaren apar bitsetan garraztuz joian iraupena.

Etorkidan etsipenak lagunduta uger egiten hasi nintzan amaibako itxaso zoragarri haretan.

Besokadei eta itxasbeherari esker hondarreratu nintzan azkenean be.

Oraindino be egunak eta egunak emon nebazan uger egiten, ito beharrean, inguruan urik baino begiztatzen ez nebala.

Eta itxasgoraren bildurretan itzartu nintzaneko lehorrean nengoan.

Huriko lehor gogorrean nengoan.

Teilatu zikinetatik ur tantaka ta itogin ugertsuak dariola.

Gauaren loaren ondoren etxe erraldoiak itzartu, euren gorputz luzeak tente tiretu eta keinuka agertzen jatazan goizeko belainoaren artetik.

Barruan egozan gizakiek be bardin legikeen.

Ate osteko mozorroa ipini eta laster agertzen ziran txinorri beharginak huriko bueltatik erdi aldera bizimoduaren hestutasunaz marmarrean hatxak behera datorren edurbiziaren indarra letxe etsipena gehituz txinorriengan.

Huri honetan geltokiak itxaropenaren neurri eta amaiera ziranez konturatu nintzan: ostera zenbat eta urrinagora izan geroago eta inora ez heltzeko eta beste barik bidean jarraitzeko aukera gehiago.

Leihatilaz bestaldekoak prisaka eta aurpegi txarrez ez egozan banaketa horretan jokatzen eben paperaz konturatzeko.

Heldu nintzanerako leihatilak itxita egozan.

Egia esan ez nekian leihatilarik egoanik be.

Gure aurrean ibiladi barri bat susmatzen genduala, azkenengo trena galdu genduanok huritik kanporantza ginoiazan noiz edo noiz hasitako bidaldiari lotzen gintxakozala.

Ba nekian jakin bidea liluragarria zana.

Hautsa oinetan zoramena bihotzean.

Lourdes Unzueta.